Zientziaz Blai ekimenak helburu nagusi xume bat dauka: kultura zientifikoa pertsona guztiei helaraztea. Izan ere, zientziaren eta teknologiaren gero eta mendekotasun handiagoa duen gizarte batean bizi gara, baina haien oinarriak, batzuetan, ez dira iristen herritar gehienengana, gure gizarteak zuzentzen dituzten sistemen konplexutasuna dela eta. Argiaren fakturari (eta gure ingurumenari) eragiten dioten energia-ekoizpeneko sistemak ezagutzea; jaten edo kontsumitzen ditugun elikagai eta produktuen jatorria jakitea, bai eta ingurumenean (eta gizartean) duten eragina; eskura ditugun teknologiak modu eraginkor eta jasangarrian erabiltzea; edo gaixotasunen aurka probatutako aukera terapeutikoa erabiltzea, erronka bihur daiteke edonorentzat.
Kasurik okerrenean, halabeharrez, hori guztia desinformazio-iturri bilakatzen da. Testuinguru honetan, askatasun handiagoz erabaki eta jardun ahal izateko, ezinbestekoa da pertsona orok bizi garen egoera, baldintzak eta aukerak ezagutu ditzan. Nahiz eta zientziaren dibulgazioak helburu hori bete eta kulturaren eta entretenimenduaren munduan bere lekua hartu duen, horrelako ekitaldiak hirietako erdigunean egiten dira nagusiki; auzoetan, aldiz, zailtasun handiagoa dago kultura zientifikora iristeko, batez ere eskola-porrotaren eta langabeziaren tasak batez bestekoa baino nabarmen handiagoak dituzten auzoetan.
Horregatik guztiagatik, uste dugu kultura eta ezagutza zientifikoak auzo horietara hurbiltzea are beharrezkoagoa dela, gizartea garatzeko tresna gisa ulertuta, gure herriko gizarte-arrakala gutxitzen laguntzeko, gizartearen kultura-garapena bultzatzeko eta Bilboko beste eskualde batzuetako biztanleak erakartzeko.
2020ko geldialdiaren ondoren, Zientziaz Blairen edizio berri bat dugu San Frantzisko auzoan. Oraingo honetan, Ingurumenaren eta Ozeanoen Nazioarteko Egunak aprobetxatuz (ekainaren 5ean eta 8an, hurrenez hurren), bizi dugun krisi ekologikoaren inguruko jarduerak antolatu ditugu. Eta krisia ekologikoa dela esaten dugu, ez klimatikoa soilik; izan ere, berotze globalaz gain, giza jarduerak eragindako inpaktuaren beste ondorio batzuk ere badaude, planetako bizitzari (eta gureari ere) zuzenean eragiten diotenak. Lehengaiak erauzteko abiaduratik hondakinen kudeaketara, etengabe hazten ari den kontsumo-sistema bat sortu dugu eta, horren ondorioz, oinarrizko baliabideen eskasia eta beharrezko ez diren gehiegizko hondakinak sortzen ari gara. Gainera, aberastasunarekin gertatzen den bezala, krisiaren ondorioak ez dira berdin banatzen, baina mundu globalizatu honetan aberatsak ere albo-ondorioak jasaten hasi gara. Jardunaldi hauetan ekarpen txiki bat egin nahi dugu egoera horren alderdi batzuk erakusteko eta egungo ezagutza zientifikoaren ikuspegitik izan daitezkeen konponbideak zabaltzeko.
Ekitaldi hau auzoko elkarte eta eragile kultural eta sozialekin lankidetza estuan egiten da, egunero auzoak hobetzeko borrokatzen baitute, eta horrela herritarren parte-hartzea bultzatzen dute (Hika ateneo, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako Taldeen Koordinakundea). Gainera, Zientziaz Blaik jakintza sortzeko eta zabaltzeko ardura duten erakundeen eta herritarren arteko lotura izan nahi du (UPV/EHUko Kultura Zientifikoaren Katedra, UPV/EHU bera eta BCMaterials ikerketa-zentroa). Bestalde, aurten, Zientziaz Blai UPV/EHUrekin elkarlanean Ikerlarien Europako Gauaren aurreekitaldi gisa aurkeztuko da. Azkenik, Zientziaz Blai 5001 Bilbao aseguru-artekaritzaren laguntzari esker ere posible da.
DESKRIBAPEN OROKORRA
Zientziaz Blai Bilboko San Frantzisko auzoan urtero egiten den dibulgaziozko ekitaldi bat da. Aurten ekainaren 3an eta 4an eginen da.
- Helburuak:
-
- kultura zientifikoa hurbiltzea ezaugarri sozioekonomikoengatik eta erakundeen babes ezagatik hori eskuratzeko zailtasun handiagoa duten eremu geografikoetara.
- Herritarrek gizarte jardueretan parte har dezaten sustatzea.
- Auzoetako kultura eta bizikidetza aldarrikatzeko lan egiten duten gizarte eragileekin eta elkarteekin elkarlanean aritzea.
- Programa: 3 jarduera izango ditu ekitaldiak:
- “Zientzia eta Gizartea” dibulgaziozko hitzaldiak: lau ikertzailek bizi dugun krisi ekologikoaren errealitatea eta eragina erakutsiko digute ikuspegi desberdinetatik, hitzaldi laburren bidez, eta gero jendearekin eztabaidatzea sustatuko dute.
-
-
- Lekua: Hika Ateneo (Eskola Zumarkalea, 1).
- Eguna: ekainak 3, ostirala.
- Ordua: 18:00 (gutxi gorabeherako iraupena: 2 ordu).
- Dohan.
- Elisa Sainz de Murieta: “Los impactos del cambio climático y su respuesta”.
- Jorge Hernández: “Con los pies en la Tierra. Estamos más cerca de no tener para comer que de vivir en Marte”.
- Nerea Zuluaga: “La crisis ecológica y el siglo de la gran prueba. ¿Seremos capaces como sociedad de adaptarnos al cambio de civilización?”.
- Goiuri Alberdi: “Eta zuk, zer jaten duzu krisi ekologiko eta sozialaren garai honetan”.
-
-
- Irteera geologikoa: Geologo adituez osatutako talde batekin ibiliko gara San Frantzisko eta Bilbo Zaharra inguruan, Bilboko itsasadarraren eta gure hiriko gune historikoaren testuinguru geologikoa ezagutzeko, bai eta industria- eta meatzaritza-jarduerak ingurune horietan duen eragina ere.
-
-
- Lekua: Mariaren Bihotza plaza.
- Eguna: ekainak 4, larunbata.
- Ordua: 12:00 (gutxi gorabeherako iraupena: 2 ordu).
- Dohan.
- Edukiera mugatua: 30 lagun gehienez. Lekua aldez aurretik erreserbatzeko, idatzi posta elektronikoz logoselkartea@gmail.com helbidera.
-
-
- Aztarna ekologikoko tailerra: Tailer honetan aditu batek gure eguneroko jardueren ingurumen-inpaktua azalduko du, nola kuantifikatu eta nola arindu gure aztarna.
-
-
- Lekua: Bilborock, Lab aretoa (Mesedeetako Kaia, 1).
- Eguna: ekainak 4, larunbata.
- Ordua: 18:00 (gutxi gorabeherako iraupena: ordu bat).
- Dohan (edukiera mugatua)
-
Ikusi nobedade guztiak gure Facebook, Twitter eta Instagramen (@logoselkartea) #ZientziazBlai hashtagarekin.
San Frantziskon izango gaituzu zain ekainaren 3an eta 4an. Berriro ere, zientzia guztiontzat, salbuespenik gabe.
Ekitaldiari buruzko informazioa webgunean https://crystalclear.es/